Etxebizitzak, aterpetxeak edo bertzelako eraikin mota batzuk eraikitzeko eta ezarteko sistemak, ingurumenean ahalik eta gutxien eragitea helburu dutenak, dira bioeraikuntza. Material ekologiko, birziklatu edo birziklatze-maila handikoak erabiltzen dira, edo prozesu bakunen eta kostu txikikoen bidez lortutakoak. Errate baterako, landare-jatorria dutenak edo biobateragarriak.
Bioeraikuntza eragin hori leuntzen saiatzen da planeta agortuko ez duen modu jasangarria lortzen lagunduz eta habitat osasungarria eta gainerakoekin armonian izanen dena erdiesteko baliabideak sortuz eta kontrolatuz. Hirugarren larruazal bat bailitzan egokitu behar du etxebizitzak gurera. Aterpea, berokia, osasuna eman behar dizkigu. Izaki bizidun guztiekin errespetuzkoa den eraikitzeko era bezala ulertu behar da bioeraikuntza. Hau da, izaki bizidun ororen eboluzio prozesuei, bai eta bioaniztasunari ere, mesede egiten dien eraikitzeko era bezala. Etorkizuneko belaunaldien oreka eta jasangarritasuna bermatuz.
Geobiologia
PDF liburuxka
Energia kontsumo ia hutsa
Jaitsi PDFa
Bioklimatikoa
Gizakien “BIO” ekintza eta beharren eta ingurune “KLIMATIKOA”ren baldintza naturalen arteko harreman estua definitzeko hondar urteetan izan den joeratik heldu da “Bioklimatiko” hitza. Arkitektura eta klimaren arteko harremana baino zerbait gehiago biltzeko saiakera bultzatu du joera horrek eta aintzat hartu du gizakiengan materialek, diseinuek, argiztapenak, aireztapenak eta landarediak duten eragina.
Eraikin batean bere ingurumenaren baldintzak erabiltzaileen onurarako baliatzea esan nahi du “bioklimatiko” hitzak. Berokuntza, aireztapena zein argiztapena eguzkiaren erradiazioa eta airearen zirkulazio naturala ahalik eta gehien baliatuz lortzen dituen egitura bat da eraikin bioklimatiko bat. Horrela, bertako bizilagunak ingurunearekin sinbiosian bizitzen ikasten du berriz.
Azterketa geobiologikoak
Geobiologiaren azterketari esker, osasunerako onuragarriak diren eremuak –toki egokia– eta kaltegarriak direnak ezagutzen ikasten dugu. Geobiologian eta beronen ondorioak ikertzen aitzindari izan zen Hartmann medikuak zioenez, gaixotasunen %60-70 tokiak eragin ditzake eta bizitokian izan dezakete jatorria. Erradiazio ezberdinen arteko konbinazioaren eraginpean denbora luzea egoteak izaki bizidunen autoerregulazio sistema agortzen du. Bai nerbio-sistema, bai neurobegetatiboa, bai eta sistema inmunologikoa ere biziki aldatuak gerta daitezke eta, funtzionamendu gabezia orokorrak agertu eta gero, gaixotasuna dator.